Gizakia, espazioa, denbora

2014-09-11

Prometeo eta ‘pentsamendua-aurrera’


Ikasturte berria hasi dugu eta beste behin jakintzagai berriak eta ez hain berriak gureganatzeko erronkari helduko diogu. Bederatzi hilabeteko bidaia honetan –bidaia guztietan bezala–,  lagungarriak ditugu istorioak, entretenitzeko baino ez batzuetan, eta zer ikasi eskaintzen digute beste askotan. Ikasturtean abiatzeko, Prometeo titanaren mito greziarra ekarriko dugu blogera, gizakientzat oso garrantzitsua izan zen titanaren istorioa.

Prometeo izena berak zer esan handia dauka, “aurretik pentsatzen duena”, “aurreikusten duena” esan nahi baitu.
Kontakizunetan Prometeo gizakien laguntzailerik handiena bezala agertzen zaigu. Zeus jainko guztiz ahaldunari ziria sartzeko gai izan zen eta, batez ere, sua lapurtu zion gizakiei emateko. Horregatik, Zeusek zigortu egin zuen. Prometeo harkaitz batera kateatu zuen eta arrano batek egunero egunez gibela jaten zion, baina Prometeo hilezkorra zenez, gauez gibela zitzaion eta horrela denbora luzean zigorra luzatu zen. Azkenean, Herkules bere lanak egiten Prometeoren ondotik pasa zen eta gupida izan zuen harekin. Herkules Zeusen semea zenez haren baimena lortu zuen arranoa gezi batez hiltzeko eta Prometeo askatzeko.
Prometeoren ekintzari esker, gizakiek nagusitasuna lortu zuten lurrean. Sua erabiliz janaria prestatu ahal izan zuten eta tresna ugari egiteko gai izan ziren jainkoengandik eta naturaren indarretik babesteko. Esker onez, Prometeoren ohorez lasterketak antolatzen zituzten. Korrikalariek argi-zuzia eraman behar zuten eskuan eta itzali gabe helmugara aurrena heltzen zena irabazten zuen.
Irudietan aise ezagutzen da Prometeo zein den, bi modutan agertzen baita: eskuan kainabera baten laguntzaz sua eramaten (goiko irudian, New Yorken dagoen eskulturan bezala), edota zigorra sufritzen, arrano bat gibela jaten ari zaiola (beheko irudia, greziar zeramika batean).

No hay comentarios:

Publicar un comentario