Gizakia, espazioa, denbora

2015-12-21

"Io, Saturnalia!"

Asteartean, abenduaren 22ean, oporrak hartuko ditugu, merezitutako atsedena. Eguberriko oporrak dira, neguko solstizioaren festa, antzinatik mundu zabalean ospatutako festa, gaur egun kristau ospakizuna bilakatua.
Solstizio hitza latinetik dator, ‘sol sistere’-tik hain zuzen, ‘eguzkia geldirik’ euskaraz.
Eguzkiaren festa da, beraz, egunak luzatzen hasten direla ospatzeko festa. Erroman urte barruko festarik garrantzitsuenetako bat zen eta Saturnalia deitzen zioten Saturnoren omenez. Gaurik luzeenean afari itzela prestatzen zuten eta “Io, Saturnalia” oihukatuz jaialdiari ematen zioten hasiera. Kalera ateratzen ziren kantatzera eta dantzatzera burua apaindu eta gero. Saturnalian adiskideak eta senideak bisitatzeko garaia zen, baita opariak egiteko ere. Fruta, intxaurrak, erleen argizariaz egindako kandelak eta buztinezko iruditxoak oparitzea zen ohikoena.
Zeremonietan apaizemeek honelako hitzak esaten zituzten:
"Gaurkoa solstizioaren gaua da, gaurik luzeena. Ilunpeak dira nagusi eta, hala ere, argi izpi bat geratzen da. Naturaren arnasa eten egin da, guztia zain dago."

No hay comentarios:

Publicar un comentario